IKASTOLA

Berriro ere, ikasturte berri bati hasiera eman diogu dagoeneko, eta hemen gatozkizue aurtengoan ikastolan egingo diren ekintza nagusien berri ematera. Urtero izaten dira erronka berriak, eta aurton ere, izango ditugu.

Azken urteotan bizi dugun egoera ekonomiko zailak baldintzatzen gaitu gu ere, nola ez, baina aurrera egiteko ilusioak bere horretan dirau. Ikastola honetako langileak prest daude duten onena emateko, aurrean ditugun zailtasunei modurik duinenean aurre egin ahal izateko.

Gurasoen Batzordean aspaldi proposatu ziren obrak ez ditugu ahaztuta, baina momentuz, apur bat itxarotea pentsatu da. Ikastolaren sarrera birmoldatzeri buruzko lanei buruz ari gara, batik bat. Hala ere, iazkoan egin genituen gure ikastolarako ezinbestekoak diren lan batzuk. Horien artean, bat aipatzearren, jantokitia Haur Eskola zuzenean lotzen dituen montakargasarena litzateke. Dagoeneko martxan dago, eta gure ikastolako ume txikienek eskertzen dute.

Iazko gidan aipatu genizkizuen proiektu gehienek, ikasturte honetan ere izango dute jarraipena. Garrantzitsuenen artean ondoko hauek ditugu: Elkarkidetzakoa, Hizkuntz Normalkuntzarena, Eskola 2.0. (aurten DBH 1en ezarriko da), Curriculum diseinuarena eta abar.

Iazko lorpenen artean, esan beharra dago Hezkuntza eta Ingurumen sailek elkarrekin ematen duten Jasangarritasun agiria eman zigutela. Auditoria bat pasatu beharra izan genuen, eta egindako lana ontzat jo zuten bisita egin zigutenek.

Beste alde batetik, ez dugu ahaztu behar 2014. urteko Ibilaldiaren antolakuntza gure ikastolari dagokiola, eta dagoeneko jaialdi erraldoi hau antolatzeko lanetan hasita gaudela. Lan-taldeak osatzen hasita daude, eta izango dituzue zuok ere berri zehatzagoak gai honi buruz. Denon laguntza beharko da, baina esfortzuak saria ere ekarriko du, egun horretan lortutako etekinekin proiektatuta ditugun obra batzuk egin ahal izango baititugu.

Gida hau ez genuke bukatu nahi MAIER kooperatibari eskerrak eman gabe, bere laguntza ekonomikoari esker teknologia berrien inguruan hobekuntzak egin ahal izango baititugu gaur ere.

Ikusten duzuenez, lanik ez zaigu faltako aurton ere. Beraz, animatu egin nahi zaituztegu gure jardunarekin bat egin dezazuen, eta dituzuen iradokizunak nahiz bestelako aholkuak guri helaraz diezazkiguzuen.

Besterik gabe, agur t´erdi
Gurasoen Batzordea