Historia

IKASTOLEN HISTORIA KOLEKTIBOA

Edonor, gizon ala emakume, euskaldun izateko, edota izaten saiatzeko, modu askotan ahalegintzen da; euskara ikasiz eta mintzatuz, euskal prentsa eta literatura irakurriz, euskararen aldeko ekitaldiak bultzatuz eta promozionatuz, euskal kultura sustatzeko eratzen diren ekitaldietan parte hartuz…

Baina, aita edo ama izanez, bada portaera saihestezin bat: seme-alabak euskaraz eskolaratzea eta euskaldun hezitzea.

Orain ia 90 urte herritar guraso-multzo batek bere egin zuen portaera hori eta euren umeen euskal heziketari buruzko hausnarketa egin zuen: eskola eta irakasle prestatuak, gurasoen eta hezitzaileen arteko lotura beroa, haurren errespetua eta metodo bizkorrak, euskararen erabilera egokia…

Hots, IKASTOLA martxan jarri zuten. Herririk herri, urtez urte, orduko eta gaurko gurasoek eta irakasleek eragiten diote euskal eskola amets duen ikastolen mugimenduari.

1914. Lehen ikastola. Euskal sena pizten eta indartzen ari zen garaian sortu zen, herritarren ekimenez, eskola libre eta autonomo gisa.
1932. Lehen ikastola-elkartea. Hezkuntza herritarra, klase sozial guztiei irekia, euskalduna, kristaua eta pedagogi korronte berriei irekia.
1944. Ikastolak ezkutuan. Espainiako gerra zibilak ikastolen desagertzea ekarri bazuen ere, guraso talde batek eta gerra aurreko ikastola-andereño Elbira Zipitriak, honen etxebizitzan ireki zuten ezkutuko ikastola.
1960-1975. Ikastolak nonahi. Garai hartako garapen ekonomikoak, euskal kontzientzia handitzeak, irakasleen konpromisoak eta euskal kulturgintzaren indartzeak eragin zuten egungo IKASTOLA.
2005. Ikastola, euskal eskola berria. Euskal Herrira zabaldua, hezkuntza-komunitatearen esanetara jarria, eskola-mugimendu gisa eratua, ohiko ikastetxe publikoen eta pribatuen alternatiba.

SEBER ALTUBE IKASTOLAREN HISTORIA LABURRA

1966ko abuztuaren 30ean izendatu zen Gernikan Ikastolaren lehenengo Jaurtze Batzordea. Ikastolak parrokiako Gizarte Etxean zabaltzeko baimena lortu zuen eta Seber Altube izena jartzea erabaki zen (Sebero Altube Lertxundi euskaltzainaren oroimenez), bai eta Pili Alberdi Etxeandia andereño izendatzea ere.

Urriaren 9an hasi zen lehenengo ikasturtea, 1966/67koa, eta hamabi ikasle izan ziren estreineko hartan. Ikasturte horretantxe antolatu ziren, era berean, gaueko lehenengo euskara ikastaroak, 8 urtetik gorako neska-mutikoei euskara irakasteko asmoz; 60 ikaslek eman zuten izena.

Gure heziketa-proiektuaren lehenengo hamarkadan, hauexek izan ziren kudeaketaren lehentasunak: batetik, legezko arautegia betetzeko behar ziren azpiegiturak sortzea, eta, bestetik, instituzioen nahiz gizartearen aurrean sinesgarritasuna lortzea, familiei zerbitzua emateko. Horiek horrela, nahitaezko baimenak lortzera eta legearen exijentziak betetzera bideratu ziren lehenengo ahaleginak (kooperatiben erregistroa, gela arruntetarako baimenak, gela berezia, itunak, titulazioak, etab.).

Honakoak dira geure historiako gertaerarik garrantzitsuenak:

1966. Seber Altube ikastolaren lehenengo ikasturtea
1979. Gaur egungo udal-eraikinera aldatu zen.
1980. Jantokia martxan jarri zen. Sukaldari bi eta 3 laguntzaile.
1991. San Fidel ikastolarekin batera Ibilaldia antolatu zen Gernikan
1993. Ez-ohiko batzar batean kooperatibistek irakaskuntzako sare pribatuan jarraitzea erabaki zuten.
1994. Autobus-zerbitzua martxan jarri zen
1995. Urteko asanbladan Partaideko eta Euskal Herriko Irakaskuntza Kooperatiben federazioako bazkide izatea onartu zen.
1996. Ikastolako haurtzaindegia martxan jarri zen. Kalitatezko prozesuetan lehenengo tramiteak betetzen hasi ziren
1997. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza ezarri zen.
1996-2003. EFQM kalitatezko eredua ezarri zen. Etengabeko hobekuntzan oinarriturik gaur egun ere garatzen ari dena.
2003. Kalitatearen izendapena jaso zen: Zilarrezko Qa.
2007. Ikastolaren 40.urteurrena ospatu zen. Ikasturte horretan ere jantokiko obrak eta eraikin berriko obrak bukatutzat eman ziren.